Araba Encounter topaketako 320 eserlekuak 5,5 segundotan erreserbatu dituzte parte-hartzaileek

  • Teknologia-bilkuraren bosgarren edizioa abenduaren 7tik 9ra burutuko da Gasteizko Europa kongresu-jauregian 10 gigabiteko Internet konexio-abiadurarekin
  • Eskainitako ordenagailu-postuak berehala bete dira, teknologia berrien eta informatikaren zaleek urtero espero duten hitzordua baita. Gainera, bisitariek gertutik ezagutu ahalko dute topaketa, eta Opengune eremu irekiko doako jardueretan parte hartzeko aukera izango dute; hitzaldietan, tailerretan edo aurkezpenetan kasu
  • 3.000 bisitaritik gora erakartzea aurreikusi dute antolatzaileek. Izan ere, eserlekua duten parte-hartzaileez gain, eguneko sarrera duten bisitariak, tailerretan izena eman duten pertsonak eta doako jarduerak ikustera bertaratuko diren hiritarrak ere hartuko ditu jauregiak
  • Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babesten du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin

Abenduaren 7tik 9ra Gasteizen burutuko den Araba Encounter 05 topaketaren eserlekuak ziztu bizian erreserbatu dituzte parte-hartzaileek. Eskainitako 320 ordenagailu-postuak 5,5 segundotan bete dira, teknologia berrien eta informatikaren zaleek urtero espero duten hitzordua baita. Hala ere, bilkura gertutik ezagutu ahalko dute Gasteizko Europa kongresu-jauregira bertaratzen direnek, prestakuntza eta aisialdi jarduera ugari eskainiko baitira Opengune izeneko doako eremuan. Publikoari irekia egongo den gune horretan hitzaldiak eta tailerrak burutuko dira, besteak beste.

Iazko egoitza bera aukeratu dute aurtengoan ere, Europa kongresu-jauregia, topaketa hartzeko espazio bikaina baita. Guztira, 3.000 bisitaritik gora erakartzea aurreikusi dute antolatzaileek, eserlekua duten parte-hartzaileak eta Openguneko bisitariak kontuan hartuta.

Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin, Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestutako ekimenak azken berrikuntza teknologikoak ezagutzeko aukera eskainiko die parte-hartzaileei eta kongresu-jauregira bertaratzen diren hiritar guztiei.

Zoratzeko abiadura
Partyak ehunka ordenagailu sarera konektatuko ditu segundoko 10 gigabiteko abiadura izugarrian. Horrela, Euskaltelen banda zabalari esker, nabarmen gaindituko da etxeetako ohiko konexio-abiadura. Gainera, 320 ordenagailuek eta zerbitzu guztien funtzionamendua ahalbidetzen duten zerbitzarien konexio-abiadura 20 gigabitekoa izango da, HP-ren Switch ProCurve kommutadoreei esker.

Erronka handia da astebetean halako sarea antolatzea, hiru egunetan zehar %100eko errendimenduan lan egingo duen sarea. Araba Encounter topaketak merkatuko partner onenen laguntzari esker lor dezake ekimena arrakasta handiz aurrera eramatea, aurreko lau edizioetan ikusi den moduan.

Araba Encounter euskal informatika-partyen sarean kokatzen da, Gipuzkoa Encounter eta urtero Barakaldoko BEC aretoan 6.000 parte-hartzaile biltzen dituen eta aurten 26 urte bete dituen Euskal Encounter bilkura erraldoiarekin batera. Euskaltel Konekta Informazioaren eta komunikazioaren teknologien testuinguruan, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko konexioa bultzatzeko helburuarekin antolatzen ditu Euskaltel Fundazioak hiru informatika-topaketa horiek, urtean zehar informatikaren eta teknologia berrien zaleen eta profesionalen artean ezagutzak, ideiak eta baloreak partekatzeko.

 

 

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch