Araba Encounterren bildutako ehunka lagunek teknologiarekin lotutako formakuntzaz eta aisialdiaz gozatuko dute 72 orduz jarraian

  • Gaurtik igandera arte burutuko da ekimen honen bosgarren edizioa, Gasteizko Europa kongresu-jauregian, dozenaka jarduerarekin eta giro ederrarekin
  • Nerea Melgosak, Gasteizko Udaleko Enplegu eta Ekonomia Garapen Jasangarriko zinegotziak, parte-hartzaileak ahal bezainbeste ikasi eta gozatzera animatu ditu
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saileko Ana Vitoricak partaideen talentua azpimarratu du eta ezagutza horiek gizartearekin partekatzera gonbidatu ditu
  • Euskaltel Taldeko Komunikazio Korporatiboko eta Kanpo Harremanetako zuzendari Aitor Markaidak Openguneren erakargarritasunak nabarmendu ditu, bertan tailer eta hitzaldietan parte hartzeko nahiz teknologia arloko produktu berriak probatzeko aukera baitute herritar guztiek

Teknologiaz, dibertimenduz eta formakuntza-ekintzez beteriko 72 ordu eskainiko ditu Araba Encounter 5 bilkurak. Ekimenaren bosgarren edizioa gaur eguerdian hasi da, eta lehen ordutik agerikoa zen giro ezin hobea Gasteizko Europa kongresu-jauregian protagonista izango da igandera arte. Ekintzen egitarau oparoak prestakuntza-saioak hartuko ditu, baita errealitate birtualarekin, robotikarekin, 3D inprimaketarekin eta jokoekin loturiko jarduerak ere.
Nerea Melgosak, Gasteizko Udaleko Enplegu eta Ekonomia Garapen Jasangarriko zinegotziak, parte-hartzaileak ahal bezainbeste ikasi eta gozatzera animatu ditu, baita hiriaz disfrutatzera ere. Horrez gain, ekimenari zukua ateratzera gonbidatu ditu bertaratuak; hau da, ezagutzak partekatu eta ondo pasatzera.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saileko Ana Vitoricak partaideen talentua azpimarratu du, eta euren jakintzak proiektu profesional bilakatu eta gizartean zabaltzera animatu ditu. “Ikasteko eta elkarlanean aritzeko momentua da”, adierazi du.
Euskaltel Taldeko Komunikazio Korporatiboko eta Kanpo Harremanetako zuzendari Aitor Markaidak, berriz, Openguneren erakargarritasunak nabarmendu ditu, bertan tailer eta hitzaldietan parte hartzeko nahiz teknologia arloko produktu berriak probatzeko aukera baitute herritar guztiek. Espazio ireki hori Araba Encounterreko arlo “dibulgatzaileena eta unibertsalena” dela esan du, eta eskerrak eman dizkie Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari egitasmoa hau garatzen laguntzeagatik.

Ekintza-egitarau zabala

Ordenagailu topaketak 31 lehiaketa eskainiko ditu: bideo-jokoak, programatzaileentzako erronkak, arte digitaleko norgehiagokak (argazkien moldaketak, musika digitala, ilustrazioa, bideo-jokoen garapena) eta abar.

Makina guztiek segundoko 10 gigabiteko abiaduran nabigatuko dute, etxeetara iristen den interneteko konexioaren oso gainetik, Euskaltelen banda zabalari esker. Markaidak horrelako sare teknikoa muntatzearen erronka azpimarratu du. Aste bakar batean jarri dute dena martxan; hiru egunez %100ean funtzionatuko duen sarea.

Araba Encounter euskal informatika-partyen sarearen barne dago, Gipuzkoa Encounter eta urtero Barakaldoko BEC aretoan 6.000 parte-hartzaile biltzen dituen eta aurten 26 urte bete dituen Euskal Encounter bilkura erraldoiarekin batera. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien testuinguruan, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko konexioa bultzatzeko helburuarekin antolatzen ditu Euskaltel Konekta Fundazioak hiru informatika-topaketa hauek, urtean zehar informatikaren eta teknologia berrien zaleen eta profesionalen artean ezagutzak, ideiak eta balioak partekatzeko.

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch